You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Ba al zenekien...?

Didaktika gune hau “denboraren tunel” modura taxutu da: 1900. eta 1945. urteen arteko aldia aztertzen du, tarte horretan Paris nazioarteko abangoardiaren eta berrikuntzaren gune nagusi izan baitzen. Garai iraultzaile hartako kronika honek lau ardatz ditu, hirian ospatutako nazioarteko lau erakusketari dagozkionak; erakusketok agerian utzi zuten Frantzian kultur ekoizpena oparoa zela, diseinu eta teknologia alorretan berrikuntza handiak gertatzen ari zirela eta herrialdea oraindik ere koloniadun potentzia handia zela. Erakusketa horiek antolatzeko arrazoiak azaltzen dira eta kulturaren eta politikaren esparruetako jazoerak lotzen dira.

Kronología

René Binet, Erakusketa Unibertsalaren ate monumentala, Paris, 1900. © Léon et Lévy / Roger-Viollet

Paris, arteen hiriburua: 1900eko Erakusketa Unibertsala 

Parisko Erakusketa Unibertsala 1900. urtean ireki zen, eta ordura arte inoiz antolatutako nazioarteko diseinuaren, artearen eta teknologiaren erakusleihorik handiena izan zen. Frantziako Belle Époque (1871–1914) garaiaren goren aldian ospatu zen eta Paris munduko kultur hiriburua zela aditzera eman zuen. Erakusketaren muina Palais de l’Électricité zentral elektrikoa zen: Art Nouveau estiloan eraiki zuten eta azoka osoa argiztatzeko energia haina sortzen zuen. Argiztapen elektrikoa dela eta, Parisi “La Ville Lumière” (Argiaren Hiria) ezizena jarri zioten. Argiztapenak, gainera, hiriko gaueko giroa guztiz aldatu zuen: Montmartre eta Montparnasse auzoetako taberna bohemioak beranduago itxi eta artistek gauez lan egin zezaketen estudioetan.


Le Corbusier, Pavillon de l’Esprit Nouveau, 1924an eraikia. 1926an eraitsi zuten, baina kopia zehatza eraiki zuten 1977an, Bolonian, Italian. © F.L.C. / VEGAP, Bilbao, 2016. Argazkia: ADAGP Image Bank

Gizarte berri baterako diseinuak: 1925eko Dekorazioko Arteen Nazioarteko Erakusketa 

Dekorazioko Arteen Nazioarteko Erakusketak frantses askok zituzten asmoak gauzatu zituen: Art Déco estiloa Europako elitearen ikur izan zedin bultzatzea eta estilo horretako artea, diseinua eta arkitektura sustatzea. Arkitekto moderno asko, besteak beste, Le Corbusier, Art Déco mugimenduaren esklusibotasun eta fribolitate kutsuko balore horien aurka agertu ziren eta arkitektura demokratikoaren alde egin zuten, gizarte-klaseak deuseztatzeko eta gizarte-berdintasuna sustatzeko. Eztabaida horiek garrantzi handia izan zuten emakumeentzat; izan ere, eskubide- -berdintasunaren alde borrokatzen ari ziren, bereziki, botoa emateko eskubidearen alde —Frantzian 1944an lortu zuten—. Emakumeak haien lekuaren bila zebiltzan arte- -giroan eta moda-diseinuan, literaturan eta filosofian nabarmendu ziren, neurri batean “hogeiko hamarkada zoriontsu”ko gizartea liberalagoa baitzen eta askatasun gehiago eskaintzen baitzuen; atal honetako film eta entzunezkoak horren adibide dira.  

Khmer inperioko XII. mendeko Angkor Wat tenplua, 1931. Charles eta Gabriel Blanche arkitektoen berreraikuntza. © Albert Harlingue / Roger-Viollet

Kolonietako mitoak: 1931ko Arte Kolonialaren Nazioarteko Erakusketa 

Arte Kolonialaren Nazioarteko Erakusketak Frantziako kolonien gaineko propaganda zabaltzea zuen asmo. Koloniek oinarrizko babes estrategikoa eman zioten Frantziari 1929an AEB eta Mendebaldeko Europan gertatutako krisialdi ekonomikoari aurre egiteko. Erakusketa eskuin kontserbadorearen xedeekin bat zetorren eta artista surrealista batzuek publikoki boikota egin zioten: Frantziako alderdi komunistaren laguntzarekin Kolonien egia erakusketa antolatu eta bertan parte hartu zuten (atal honetan erakusketaren irudiak daude). Abangoardiaren —artista gehienak ezkertiarrak ziren— eta erakunde ofizialen —Arte Ederren Eskola eta eskolaren urteko erakusketa barne— arteko haustura Frantziako politikaren eta kulturaren arteko polarizazioaren adibide garbia izan zen.

Hemen entzun dezakezun hau Django Reinhardt et le Quintette du Hot Club de France taldearen, “Minor Swing” (1934) abestiaren zati bat da. Django Reinhardt (1910–1953) gypsy swingaren aitatzat jotzen da. Atlantikoaren bi aldeetan eragin handia izan zuen, AEBko jazza Frantziako ijitoen musikarekin eta Balkanetako doinu herrikoiekin uztartzen baitzuen.

Erreproduzitu audioa

Bizi Modernoko Arteen eta Tekniken Nazioarteko Erakusketako. Aeronautika Pabilioiako atondo tronkokonikoa, 1937. Felix Aublet-ek, Robert Delaunay-k, Sonia Delaunay-k eta Leopold Survage-k diseinatutakoa. © Centre Pompidou, Bibliothèque Kandinsky

Abangoardia mugimenduan: 1937ko Bizi Modernoko Arteen eta Tekniken Nazioarteko Erakusketa

Berrikuntza teknologikoek XX. mendearen lehen erdialdeko abangoardiako artistak erakarri zituzten, eguneroko bizimodua aldatzen ari baitziren. Robert eta Sonia Delaunay artistek apaindu zuten Bizi Modernoko Arteen eta Tekniken Nazioarteko Erakusketaren pabilioi txundigarrienetako bat, hegazkingintzari eskainitakoa. Garraiobide horrek bidaiatzeko aukera zirraragarriak eskaintzen zituen, baina hegazkin sofistikatuenak gerrarako erabiltzen ziren. Gerra Zibilean (1936–39) hegazkin alemaniarren bonbardaketek eragindako suntsipena Picasso Gernika lana margotzera eraman zuten; hain zuzen, erakusketa honetako Espainiako Pabilioian ikusgai ipini zen lehen aldiz.

Hemen entzun dezakezun hau Marcel Duchampen Erratum musical (ca. 1913) musika-lanaren zati bat da; artistak sortutako musika-lan gutxietako bat da. Dadaisten teknika esperimentalez baliatu zen melodia hau sortzeko: kapela batetik musika-notak atera zituen eta sortutako partitura bi arrebekin jo zuen.

Erreproduzitu audioa

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean